EIBZ-k, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak, Kamishibaia antzezteko gida argitaratu du.
EIBZ-k Kamishibai- ipuinak kontatzeko teknika japoniarra zertan den erakusteko gida argitaratu du, euskaraz zein gaztelaniaz. Gida irakasleentzat oso egokia izan daiteke.
Kamishibaia istorioak kontatzeko teknika bat da, Japoniako tenplu budistetan sortua, XII. mendean; bertan, monjeek emakia (testua eta irudia konbinatzen dituen pergaminoa) erabiltzen zuten istorioak eta irakaskuntza morala uztartzeko. Teknika hori 1930. urte inguruan erabiltzen hasi zen berriro Japonian, eta bertako filosofian dago oinarrituta. Kamishibai teknikari esker, entzuleek bizitzaren egiaren esanahia sentitu eta ipuinaren inguruan sortzen den sentimendua partekatzen ahal dute.
Noriko Matsuik idatzi du gida (Wakayama, Japonia, 1934). Noriko Matsui irudi eta kamishibai egilea da, baita Nazioarteko Kamishibai Elkarteko ordezkaria ere. Gida honetan, galde-erantzunen bidez azaltzen digu teknika. Kamishibai ipuin mota anitz daude: herri-ipuinak, elezaharrak, eta baita zientziarekin, egunerokoarekin, bakearekin edo ingurugiroarekin zerikusia duten beste kontakizun batzuk ere.
Kamishibaiak kontatzeko, egurrezko egitura berezia behar da: butai izena du eta 34,5 cm altu eta 41,5 cm zabal da. Ipuinaren irudia agerian uzteko, butaiak dituen hiru atexkak –alde banatan eta goiko aldean– zabaldu egin behar dira. Ipuineko irudiak pasatu ahala, ahoz egiten da kontakizuna, testua irudi bakoitzaren atzeko aldean idatzita baitago. Butaiak sortzen duen efektuari esker, ipuina mundu errealeko espaziora zabaltzen dela irudituko zaigu. Azkar edo poliki, luzatuz edo uhinak eginez pasatu beharko dira irudiak; edo orrialdea osorik pasatu beharrean, hurrengo irudiaren zati bat bakarrik begi bistan utzita, ipuina zein den igartzeko moduan utziko dugu; nolanahi ere, mugimendu horiei esker izanen dugu bermatuta entzuleen arreta.
Irakasleen prestakuntza ikastaroetan erabiltzeko asmoz ekoitzi da gida, irakasleek beraiek ikasgeletan teknika hau balia dezaten. Azken urteotan EIBZko irakaslea den Josu Jimenez Maiak, gidaren itzultzaileak, alegia, irakasleei dozena bat kamishibai ikastaro eman die; zenbait kamishibai ere itzuli ditu. Ehun irakaslek baino gehiagok hartu dute parte ikastaro horietan, eta haietako askok teknika hau ikasleekin erabiltzen dute Nafarroako hainbat ikastetxetan.
Gidak CENLIT argitaletxean eros daitezke (tel.: 948302677 / e-posta: Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu ), baita Interneten ere: www.cenlit.com.

| < Aurrekoa | Hurrengoa > |
|---|





