ORDUBETE (eta EZkuntza)
Ordubete… Ordubete ordubete da. Beasaindik Burlatarainoko bidea, 79 kilometro. Ordubetean DBHko ikasleei ergatiboa erakutsi diezaiekegu. Ordubetean bizitza osoan ikasitakoa ahaztu dezakegu. Ordubete, 98.776 pinporta harea-erloju batean.Ordubete, aitonaren bazkalostetako lokuluxka. Ordubete, larrualdi gozo bat, jo aurreko zizka-mizka eta ondoko zigarrotxo eta guzti. Ordubete, 27 telefono dei. Ordubetean bost urte baino gutxiagoko 1.000 ume baino gehiago hiltzen dira munduan gosez. Ordubete, 1.123 karaktere. Ordubete, 107 zortziko txiki. Ordubete…
Ez, ordubete ordubete baino gehiago da. Ordubete (,) ordubete asko dira. Ez al zaizu iruditzen?
Ordubete, irailarekin batera ordubete lektibo bat gehiago da Iribas jaunak Nafarroako irakasleoi astean sarrarazten diguna. Eta gu haserre. Alperrak gara, nonbait; alperrik da, badakizu. Eta gu haserre, bai, ordubete ordubete baino gehiago baita gure institutuan ere. Ordubete, 2,67 irakasle 64ko klaustroan. Ordubete, 35 zaintza astean. Ordubete, liburutegiko taldea. Ordubete, genero berdintasunekoa. Ordubete, Lotune aldizkaria. Ordubete, irakasleen formakuntza. Horixe da ba pordepronto ordubetegatik gure institutuak aurten aurreztuko duena, lau zero Abiadura Handiko Trenaren 8,5 kilometro 42.000.000 euro kostatzen (kosta, bai, balioa ikusteko baitago) den herrian. Azala behar da, gero!
Jarduera osagarriei, ez; formakuntzari, ez; sormen bideei, ez; kalitateari, ez; eskola publikoari, ez. Bai, EZkuntza da Nafarroako Gobernuak zure seme-alabei eskaintzen diena. EZkuntza, H-rik gabe, bai, aurreztu beharra dago, badakizu.

Bai, ordubete ordubete baino gehiago da. Ordubete (,) ordubete asko dira. Ez al zaizu iruditzen?
Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena






Comments
Ordubete. Ordubete bidaia-txartela izan daiteke. Ordubete irrati uhinak. Ordubete klaseko lokuluxka. Ordubete hirugarren saria. Ordubete ordenagailuaren pantailaren aurrean. Ordubete bi ikasle. Ordubete bi mila esker. Bihotzez. Bereziak direlako euria eragiten duten ikasle-irakasleak. Berezia ikasle-irakasleak lotzen dituen marratxoa (haria, Machadoren arabera. Laguntasuna, diot nik).
Goiz hontan.
Gomuten sinopsiari oda, erran zun norbaitek noizbait. Gaur Askatasuna dut negu-oroitzapen. Izan ere, negua da Filosofiako fakultatean.
Ordubetean baino, esaldi batean josi zenituen nire amets guztiak. Baina ordubetean errutina-kontalariak musuak kristaldu ditzake. Ordubetean Urruzuno irabazi daiteke.
Irakasle bati esker, betiere.
No cantes a la lluvia, Ekaitz, haz llover.
Oparitxo bat, 3. sari baten eskutik. http://www.docstoc.com/docs/105673886/Kristaldu-nazazu-atzo
Ordubeteak ordubete baino gehiago izaten jarrai dezala, eta minutuek irribarreak oparitzen...
Animo! Eta bejondeizula testuagatik! Bost minutuko irribarrea irabazi duzu.
RSS feed for comments to this post.