IRAKURTZEA EZ DUT GUSTUKO, ERREMEDIORIK AL DUT?

 

Zure barruko irakurzaletasuna berpizteko gomendio hauek jarraituz, liburuen munduan beldurrik gabe murgilduko zara!

Helduek kontrakoa uste badute ere, gazteek asko irakurtzen dute. Hala diote behintzat honen inguruan egindako hainbat inkestek. Dena den, badira haur eta gazte batzuk irakurketarekin haserretuta daudenak edo irakurtzea Everest igotzea baina zailagoa egiten zaiena. Irakurtzea ez zaiela gustatzen esaten dute baina, bestalde, inbidia izpi bat izaten dute aldameneko laguna liburu batekin disfrutatzen ikusten dutenean. Zure kasua bada, lasai, hemen bildu ditugu gomendio edo aholku zerrendatxo bat barruan duzun irakurzaletasun ezkutua berpizteko.

 

  1. LIBURU ERRAZEKIN HASI. Aspalditik kirola egin gabe egon bazara, zure gorputzari ez diozu lehenengo egunetan izugarrizko “paliza” emango. Irakurketarekin, berdin. Aspalditik ez baduzu liburu bat hartu, orri gutxi dituen batekin hasi. Ipuin liburuak egokiak dira beroketa fase honetarako, gauero ipuin bat irakurri dezakezulako. Gainera, ez duzu aurreko kapituluan gertatu zena gogoratu behar izango. Aurrerago, apurka, konfiantza irabazterakoan, liburu luzeagoak edo zailagoak hartzen hasiko zara.
  2. LIBURUETAN DAUDEN HITZ BATZUK EZ BADITUT ULERTZEN, ZER? Ez da ezer gertatzen. Ez duzu hiztegia erabili behar ulertzen ez duzun hitz bakoitzaren esanahia aurkitzeko. Hau lana, hau! Esanahi batzuk testuinguruaren bidez ondoriozta daitezke, edo aurrera jarrai dezakegu besterik gabe. Askotan errepikatzen direnak edo bitxiak iruditzen zaizkizunak jakiteko irrikaz bazaude, hiztegira jo dezakezu edo guraso edo irakasleei zuzenean galdetu. Konturatu gabe, gure hiztegia zabaltzen joango da eta, denborarekin, errazago egingo zaigu irakurtzen duguna ulertzea.
  3. EZ BAZAITU HARRAPATZEN, UTZI. Liburu batek ez bazaitu lehenengo bi kapituluetan harrapatzen edo gustuko ez baduzu, utz ezazu. Ez da txakurtxo bat, ez du negar egingo, lasai egon zaitezke. Hori bai, liburua detektibeena baldin bada eta erdian uzten baduzu, hiltzailea nor den jakin gabe geratuko zara.
  4. UMOREAK BETI FUNTZIONATZEN DU. Zalantzaren aurrean umorea aukeratu. Nork ez du barre egin nahi? Nork ez du ongi pasatzen egoera dibertigarriak irakurtzen dituenean? Beraz, badakizu, zalantzaren aurrean liburu barregarri bat hartu eta ekin irakurtzeari.
  5. PELIKULA LEHENENGO ETA GERO LIBURUA, ALA ALDERANTZIZ? Pelikula mundiala ikusi duzu eta jakin duzu liburu batean oinarrituta dagoela: liburua har ezazu. Pelikulan baino pertsonaia eta gertaera gehiago deskubrituko dituzu eta batzuetan amaiera desberdina dela ere! Liburu zoragarri bat irakurri duzu eta istoriorekin pelikula bat sortu dute: pelikula ikustera joan zaitez. Pelikulan istorio berdina beste modu batez kontatuta dagoela ikusiko duzu. Dezepzionaturik atera zaitezke ala ez, baina oso ongi geratuko zara lagunei “liburua hobeto zegoen!” esandakoan.
  6. KOMIKIAK, ZERGATIK EZ? Helduren batek komikiak irakurtzea ez dela benetan irakurtzea esan badizu, gezur galanta! Ba al zenekien komiki batek Pulitzer sari ospetsua irabazi zuela? Beraz komikiek ez dute liburuak baino kategoria gutxiago. Hauek oso irakurketa egokia izaten dira, edonorentzat. Gustuko badituzu, irakurri.
  7. ZURE GUSTUKO GAIAK LIBURUETAN BILATU. Futbola gustatzen zaizula? Primeran, aurki ezazu futbolarekin lotutako istorio edo eleberri bat. Izan, badira. Beldurrezko pelikulekin zoratuta zabiltzala? Ba, beldurrezko liburuak aukeratzen badituzu asmatuko duzu. Gainera, liburu hauek gauez irakurriz gero emozio bikoitza izango duzu.
  8. BILDUMAK, APUSTU SEGURUA. Aurreko puntuaren antzekoa da hau. Bilduma bateko liburu bat irakurri duzu, atsegin duzu, ederki pasa duzu... Bada, ez burua hautsi eta bildumako hurrengo liburua erosi edo lortu. Bilduma berdineko 28. liburuarekin aspertuta amaitu duzula, bilduma alde batera utzi eta aurrerago agian bueltatuko zaizu sagarekin jarraitzeko grina.
  9. LAGUNEI ZER GUSTATU, HURA AUKERATU. Baietz gurasoek noizbait galdetu: “Lagunek egiten dutena egin behar al duzu zuk?”. Eta zuk erantzun: “Bai, hala da, nire lagunak direlako”. Familiako eztabaidak alde batera utzita, garbi dago gure lagunek gugan eragina daukatela. Liburuekin, berdin. Koadrilakoekin hitz egin, zer irakurtzen ari diren edo zein liburu gomendatzen dizuten jakiteko. Liburuak eskatzeko eta trukatzeko ere aprobetxatu, sosak aurreztuko dituzu eta.
  10. IRAKURTZEKO, LASAITASUNA MESEDEZ! Ezin da gustura irakurri inguruan zarata edo mugimendua badago. Aukeratu leku lasai bat, zure logela esaterako, eta zu lasai zauden une bat. Bestalde, eguneko azken orduetan irakurtzeko ohitura asko badago ere, beranduegi bada nekatuta egongo zara eta liburuaren gainean erortzeko arriskua izango duzu. Hori ekiditeko, lehenago joan zaitezke zure logelara edo begiak ixten bazaizkizu hurrengo egunerako utzi irakurraldia.
  11. LIBURUTEGITIK PASA ZERBAIT ARRANTZATZERA. Herriko edo auzoko liburutegia liburuz beteta dago, orain arte ez bazara enteratu bertatik pasa ez zarelako da ! Ailegatu da ordua bisita bat egiteko, dotore jarri, bazkide txartela egin eta astean behin bueltatxoa eman zer dagoen ikusteko. Ziur apalategien artean zure zain dagoen liburu bat topatuko duzula. Liburuez gain, aldizkariak, pelikulak eta ordenagailuentzako programak izaten dituzte liburutegietan eta orain dator onena: dena dohainik da!

 

Beno, gomendio zaparrada hau jarraitu eta gero oraindik liburuak begi txarrez ikusten badituzu, gogoratu irakurketaren mundua oso zabala dela. Aldizkariak, egunkariak, kirol-prentsa edo Interneten agertzen diren iruzkinak eta esamesak begiratzea, irakurtzea ere bada! Beste hitzetan esanda, agian orain arte ez zenekien baina irakur zalea zara, erremediorik gabe!

Koaderno gorria

Euskal Herriko gazte bat  Marokora doa denboraldi baterako. Hango egonaldia kontatzen zaigu nobelan, hango kulturarekiko lilura.

Kaio baten historia eta hegan egiten irakatsi zion katuarena

Katu handi, beltz eta gizena da Zorbas. Hanburgoko portu inguruan bizi da. Egun batean, kaio bat agertzen da Zorbasen bizitzan, ezinean, hil-zorian, itsasoko petrolio isuri batek kondenatua.

Ehun metro

Liburuaren gai nagusia: poliziak inguraturiko ETAr batek egiten dituen azken 100 metroak. Baina ez da gai bakarra; beste batzuk ere aurkitzen dira.

Hamaisegarrenean, aidanez

Baserri giroko trajedia bat da eleberri hau. Apostulari baten heriotza du gertaera nagusi. Emakume baten bakardade eta sofrimenduaren ikuspegi sakona eskaini du idazleak.

Ahaztuen mendekua

Iratin dabiltzala, eztabaidan hasi dira Ana eta Oskar, neskak deskubritu baitu mutilak harremanak dituela beste gizonezko batekin. Liskarraren ondotik bereizi egiten dira mendian: gero Ana ez da inondik ere agertzen.

Amaren eskuak

Nereak ohartuko da zenbateraino izan daitezkeen ezezagunak geure ondoan  dauzkagunak, eta, aldi berean, zenbateraino izan litezkeen berdinak belaunaldi biren arazo eta kezkak..

Jostorratza eta haria

Irun hiria saria 1997 «Zer gara? Berez gurekin datorrena ala bizitzan zehar egiten goazena? Bien nahastea, agian?

Ostegunak

Unibertsitateko bost ikasle: parrandazaleak, azkarrak, tontoak, alferrak edo arinak,  etsituak, mozkortik, andrekoiak, batzuk maltzurrak, baina bihotz honekoak.

Eztia eta ozpina

Selim gazte marokiarra Parisera doa. Bidaia horretan eztia eta ozpina ezagutzen ditu. Eztia Esther izeneko neska gasteiztar batez maiteminduta. Ozpina, marokiarrentzat, hain zuzen ere, ez delako larrosa-bide bat Afrikatik Europara datorren bidea.

Gerlari zuria

Irlanda eta Euskal Herriko kondaira eta kontakizunak, fikzioa eta majia, oso kritika onak.

Zeruko ateetan deika

Silvia, Medikuntza-ikaslea, Indiara joan da boluntario, mundutik urrun dagoen ospitale batean udan lan egitera. Gurasoak eta mutilaguna aurka izan ditu erabaki hori hartzean, baina senari eta bihotzari kasu egin die.

Irakasle alu bat

Liburu honetan Janfrik bere institutukolehenengo urteko denboraldi bat kontatzen digu. Nola Txintxeta, haien natur irakasle eta tutorea, beti zirikatzen ibiltzen den.

Hegoalderantz ihesi

Oso nobela zinematografikoa iruditu zait, pelikula bihurtzeko modukoa.

Ezekiel

Ezekiel, 14 urteko mutil baten bizitza, emakumez inguratuta.

Izar malkoak

“Hacker” baten bizitza, amodioa,arazoak…

Adrian Moleren egunkari ezkutua

Eguneroko arazoak. Modu dibertigarri eta errealistan, familia “baketsuaren” bizimodua kontatzen digu.

Gerra da leku honen izena

Mutil bat, Afganistanen gerran, kazetari batekin harremanetan sartzen da.

Oroimen-emailea

"Abenduan egiten da urteko Zeremonia, eta bertan Agureen Batzordeak erabakitako bizitzarako izendapenak jasotzen dituzte
Hamabiek”.