Alegia
0
Publicado por Patxiku, en la categorÃa Alegiak, L.H. 2. Zikloa, L.H. 4. maila, el 9 de febrero de 2012
Etiquetas: Alegiak
LEHOIA, BASURDEA, ZEZENA ETA ASTOA
Lehoi jauna zaharra izateaz gain, gaixorik zegoen, argala eta aginte gabea. Hurbildu zitzaion basurdea eta honela esan zion haserre:
-Adiskidea, ez zait ahaztu nola beti zuregandik ihesi ibili ohi nintzen gaztea zinenean: estutasunean egon nintzen ez gutxitan eta gogoan daukat nolako zauria egin zenidan, eta oinak arinagoak izan ez banitu, zure sabelean egongo nintzatekeela.
Hau esanda, kosk egin zion hortz gogorrekin lehoi argalari eta oraindik ere elbarrituago utzi zuen.
Heldu zen geroago zezena, eta honek ere ebaki handiak egin zizkion bere adarrekin.
Beranduago, asto bat agertu zen eta jo zuen atzeko hankez bekokian eta bota zuen lurrera. Zaurituta eta odola alde guztietatik zeriola, honela esan zuen lehoiak negarrez:

-Hau zorigabea! Nire indar eta osasunaren jabe nintzenean, urte gutxiago nituenean, abere eta lau oineko guztiek lotsaz eta beldurrez begiratzen zidaten; nire aurrean egon ohi ziren ikaratuta. Nor ausartzen zen niri aurpegira begiratzen? Nire izenak izua sortzen zuen baso guztietan. Nire esku zegoen oso sarri beste animaliak harrapatu eta irenstea. Baina ni bihotz bigunekoa eta errukiorra nintzenez, bakean uzten nituen orain nire aurka daudenak. Ez nuen hiltzen nahi nuelako, baizik eta gosea ase eta bizi izateko. Bat baino gehiago atera ziren bizirik. Orain, berriz, adore eta aginte gabe ikusten nautenean, ezertarako gauza ez naizela, badirudi denak elkartu direla ni eraso eta heriotzara eramateko, nire itzal handiko izena galdurik gelditzen dela; eta esango da: “Asto gaizto batek lurrera bota eta garaitu zuen lehoi harroa”.
Ikaskizuna: Ipuin honek botere handiko gizonei erakusten die etorkizunari begiratu behar diotela eta nola beti izan behar duten errukior eta bihotz bigunekoak, inori ezer txarrik egin gabe. Beldurra eta izua sartuaz ez dela adiskiderik egiten eta bai amodioz hartuaz.








